XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hazkuntza garaia izan zan hilkortasunak behera egin ebalako eta ez jaiotako umeak kopuruz gehitu ziralako; dana dala, hilkortasun krisiak ere agertu ziran noizbehinka, 1756an esate baterako.

1765eko krisialdia ez zan puntuala izan, urte horrek depresino iraunkorrari hasiera emon eutson eta; 80. hamarkadak berreskuratzea ekarri eban arren, besterik adierazoten eban beheraldiak: biztanlegoaren hazkuntza goia jotzear egoala, ez eukala askoz gehiago hazteko ahalmenik, jarduera ekonomikoak berak eragozten eutsolako.

Egoera horretan bada, biztanlegoa sentibera, makal azaltzen da gero eta sarriago errepikatu ziran hilkortasun krisialdien aurrean: 1765, 1769, 1770, 1771, 1773, 1776 eta 1784 urteetan hilkortasun handia izan zan.

Beharbada, Floridablancaren 1787ko Zentsuak, Larrabetzuko biztanlegoak goia jo ebala erakutsi euskun.

30. hamarkadatik aurrera, lubarrien gaineko hamarrenen igokadeagaz, biztanlegoaren hazkuntza prozesuari eutsi jakon; lubarritzea hainbeste gehitu zan ezen etekin murritzak jadanik 60. hamarkadarako agertuak ziran.

Edozelan ere, Larrabetzuko nekazaritzak ondo ederto egin eutson aurre oztopo horri, gariaren ordez artoa landatzean.

Bien bitartean, Larrabetzuko burdinolek martxa onean jarraitzen eben, Ameriketako koloniakaz egiten zan komertzioa loratuz joian eta.

Beraz, zelan ulertu daiteke loratuz doan jarduera ekonomikoa eta demografi arazoen hastapenak batera suertatzea?

Ez da gatxa azalpena: nekazal ekoizpena goranzko bideari lotu jakola egia da baina jabegoen banaketan 1745erako jadanik, alde handiak egozan, eta ondorioz, nekazal irabazietan ere.

Lurrak holan banatuta egotearen ondorioz, nekazal ustiapenen irabazirik gehienak ugazaba jakin gitxiren esku egozan, nekazari gehiengoa zorretan eta pobretzen joian bitartean.

Burdinolen irabaziakaz gauza bera gertatu zan, basoen atzerakadeak eta pribatizazinoak erakusten deuskuenez; ikatza ataratea, gero eta irabazi gitxiago emoten eban jarduerea bilakatu zan, ikatzaren salneurriak gora egin eban arren.

Konbentzino Gerrea (1793-1795), betidanik ezagutu izan da Euskalerriak ezagutu dauen gizaldiaren demografia ezbeharrik handiena legez; Larrabetzun ere ondorio latzak eragin ebazan.

1795eko Lurraldearen Aberastasunen Estatistikan, zera esaten zan: "gaurregun, gerrearen erruz, jende eta ikazkin eskasia dago".

Halan eta guztiz ere, eta oraingo honetan Urrutikoetxeak esaten dauenagaz bat, Larrabetzun, biztanlegoaren beherakadea, denporan gerrea baino lehenagokoa izan zan, 1789ko uzta txarrek (Europako Sartalde osoan legez) hasierea emon eutselarik.

Urte horretan, ezkontzen kurbea maldan behera jausi zan eta ez eban burua altxatuko gerrea amaitu arte; bien bitartean, hilkortasunak krisialdi jakinak jasan ebazan:

1789: 27 bateatutako; 31 hildako.

Beranduago, krisiek bereak eta bi egiten jarraitu eben 1792, 1793 eta 1798an.

XIX. gizaldiaren lehenengo hamar urteek, behingoagaitik behintzat, Independentzia Gerra garairarte iraun eban berreskuratze sasoia ezagutu eben.

Horrezkero, XVIII. gizaldiaren azken herenean, ekoizpen sistemea eta modua aldatu ezean, aurrera egin ezinean aurkitzen zan Larrabetzuko biztanlegoa 900 inguru bizilagunek osotzen eben; 75 urte beranduago bakarrik (Lehen Karlista Gerrea amaitu zanean) lortu eban kopuru hori gainditzea, alde handiagaz gainera.